XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Altamirako homoplatoetan, eta bi haitzuloetako hormetan grabaturik dauden orein protomo eta buruen artean guztiek aitortzen duten paraleloan oin harturik.

Horietako batean, Jordá-k Altamirako 3. saindutegian kokatzen duenean, zeinu grabatu bat ikus liteke, marra inskritu anitzez osatutako angelu zorrotz bat irudikatuz.

Zeinu horixe bera aurkitzen da Arenazako (Galdamesko San Pedro, Bizkaia) galeria nagusiko basa-zezenaren gainean; horregatik irudi hori homoplatoen garaikidetzat eman liteke, zeinua eta buruak ere garaikideak direla oinarri bezala hartzen baldin bada behintzat.

Irudiak, beraz, probabilitate gutxiago du Alkerdikoak baino, data zuzena finkatzeko.

Orain berriz, islada-marra gorriz margotua, eta ildo arinez eta zenbaitetan errepikatuz egina duen basa-zezenetik, Arenaza berbereko ardatz galeria ondoko saihets zokoko orein emeetara joanez, eta bien artean paralelismo bat badagoela onarturik, orein eme zerrendaren eta basa-zezenaren artean paralelismoa topa liteke.

Bi multzo horiek, Alkerdikoa eta Arenazakoa alegia, klasiko izenda genezakeen bigarren aldi batekotzat eman litezke.

Gainerako saindutegien dataziorako zailtasun handiagoa dago.

M. Almagro Basch-ek egin duen bezala, homoplatoak eta berorietako grabatu ildaskatua eta islada anitza grabatu konplexu ororen prototipo nagusia baldin badira, orduan Altxerriko grabatu espresionista ere, aurrean aipatuak bezala, Kantauri aldeko Lehen Magdalen aldikotzat datatu beharko litzateke.

Argudio horiek erabili ahal izateko, ordea, gauza segurutzat frogatua behar luke izan homoplatoetako teknikaren eta gainerako grabatu mota guztietako teknikaren analogiak errakuntza marjinarik ez duela ematen.

Guk gure aldetik oharpen bakar bat egin nahi genuke prozedura lojiko horrek akats handiak dituela erakusteko.

Homoplatoak grabatu konplexu ororen dataziorako funts zalantzarik gabeak balira, era horretako grabatua Lehen Magdalen aldiaren ondoren gehiago ez zela erabili frogatu beharko litzateke.

Baina hori frogatu ahal izateko asko falta da oraindik.

Guk nahiago izan dugu Altxerriri beranduagoko data ematea, eta estilozko iritzietan oin harturik hartu dugu erabaki hori; horrek ere badu bere arriskua, baina arrisku hori ez da homoplatoetatiko iritziak horma grabatu konplexuetarako mekanikoki erabili nahiak duena baino handiagoa.

Ekaini data emateko badaude horma irudizko paraleloak, baina estratigrafiatu gabe daude.

Ekain bertako xafla, Goi Magdalen aldian datatua, ez da oinarri egokia horma irudi multzo osoa datatzeko, nahiz eta ikusmenezko errealismoaren, irudikapenezko detallismoaren eta komentziozko aberastasunaren erakusgarririk argiena izan.

Begien bistan dagoen gauza da horma irudi multzoak ez direla askorik urruntzen xaflak erakusten duenetik, baina ez du laguntzen irudi multzoak Lehen ala Goi Magdalen aldikotzat datatzeko.

Tito Bustillo eta Altamirarekiko estilozko paralelismoa onar litekeena da.

Tito Bustilloko irudi margotuzko horma handiaren ondoan zegoen tresneria multzo batean, horman erabili ziren margoen jenero bereko margo masak topatu ditu Mourek.

Tresneria multzo hori Goi Magdalen aldikoa zen.

Estilozko paralelismoaren arabera, berriz, Altamirarako eta Tito Bustillorako eman izan diren datazioei jarraiki, Kantauri aldeko Lehen Magdalen aldian kokatu beharko litzateke Ekain.

Santimamiñeri dagokionez, dataziorako dagoen zailtasuna ez da Ekainerako dagoena baino txikiagokoa, zeren haitzulo horretako aztarnategian, eta inguruko beste zenbaitetan, aurkitu diren irudizko apainduradun objektuek ez bait dute laguntzen datazioa zehazteko.

Isturitzeko aztarnategiak ere ez du zailtasun hori gainditzeko laguntzarik ematen, nahiz eta irudizko apaindura duten objetuetan aberatsa izan oso haitzulo hori, jakina den bezala; agian lagundu ordez, nekeztu egiten du, gainera, irtenbidea, zeren bertako Goi Magdalen aldiko materiale eskastasuna harrigarria bait da Euskal Herriko aldi bereko ugaltasunarekin.

Beharbada, aldi horretako Isturitzeko obrek erakusten duten marra soilasunerako eta adierazkortasunerako joerak lagundu lezake, agian, zertxobait; kasu bakanen batek, bi zaldi protomo seriez apainduta dagoen ziriak, onargarri eta esanguratsutzat eman litekeen antza bait dute Altxerriko V multzoko zaldi protomoarekin, bultza lezake saindutegi honetako irudi bakanen bat Goi Magdalen aldikotzat ematera, baina grabalarien tailerra paralelismo horretatik kanpora geratuko litzateke, hala ere.

Bukatzeko, beraz, esango genuke Arenaza, Alkerdi, Santimamiñe, Altxerri eta Ekaingo saindutegietako hormako irudi multzoak, klasiko izendatuko genukeen berant aldi batekotzat eman litezkeela; baina aldi hori bera bi epetan banatzeko, bata Kantauri aldeko Lehen Magdalen aldian eta bestea Goi Magdalen aldian, arazo larriak daude.

Horrexegatik hain zuzen iruditu zaigu egokiagoa denak aldi berean sartzea, aldi horren barne epeak gehiegi zehaztu gabe.